Piarres Larzabal Kolegioa

 

SACoche - Sésamath

EasyScol

Seaska

Ikastolen Elkartea


Herri Urrats

 

Hirugarreneko ikasleek euskal diasporaren gaia landu berri dute euskara kurtsoetan “Euskaldunak Ameriketan” sekuentziaren bidez.

Hori dela eta, gaia borobiltzeko xedearekin, apirilaren 11an, ostegunez, Iñaki Goikoetxeak eta Maialen López Irundarrek Ozeano Atlantikoaren beste aldera eraman dituen proiektuaren berri eman zuten atzo IDZtan.

“Hemen Gaude” izeneko elkarte eta egitasmoa abiatu zuten Hego Ameriketako herrialdeetan euskaldun eta euskal kulturarekin lotura duten lekuak bisitatzeko.

Topaketa honetan, auto txiki batean 7 hilabetez bidaiatuz, euskaldunek egindako emigrazioaz atzeman dituzten aztarnak eta lekukotasunak aurkeztu dizkigute, gure kulturak eta hizkuntzak gaur egun Hego Ameriketan duten tokia erakutsiz.

Apirilaren 10ean asteazken goizez, kolegioko 5.eko ikasleak lehen auzoa dugun Itsas Lizeora gomitatuak ziren erakusketa berezi baten bisitatzeko, Elkanoren «urratsetan».

Erakusketa CPIE Euskal Itsasbazterrak antolatu zuen, getariar mariñelaren bidaiaren bukaerako 500. urteurrena kari, 2022an. Hilabete batez Itsas lizeoan egonik, parada ezin hobea zen gertakari historiko horren hobe ulertzeko.

Lehenik, animazio filmatxo batek 20 minutuz espedizioa kondatu du, garai hartako itsasontzietan bizi baldintza dorpeen ideia bat emanez bereziki. Gero, Jon Frahierek erakusketaren 20 panotxoak komentatu ditu, gertakaria XVI. mendeko testuinguruan kokatuz: espezien garrantzi ekonomikoa, Portugal eta Espainiaren arteko lehia, itsas eraikuntzaren aintzinamenduak…. Eta garai hartan, itsas munduan euskaldunek zuten fama handia, nola ez!

Interes pedagogikotik aparte, bisita horrek grazia berezia ukan du Jon Frahier kolegioko ikasle ohia delako!

Ikasleendako segurik, manera goxo eta berezi bat historian murgiltzeko.

Piarres Larzabal ikastetxeko IEP egiturako bi ikasleek, Anak eta Uhainak, Kechiloa ileapaindegira bisita egin zuten IEP PRO bitartez. Bisitaren helburua lanbide honen funtzionamenduan murgiltzea eta bertan lan egiten dutenen lanak hobeto ulertzea zen.

Maritxuk, establezimenduko langileetako batek, harrera egin zien, eta adeitasunez gidatu zituen ikasleak aretoko hainbat arlotan zehar, prozesuaren urrats bakoitza azalduz eta estetikaren arloan duten esperientzia partekatuz.

Ana eta Uhaina gogotsu agertu ziren  zaintza pertsonaleko tratamenduak nola egiten ziren gertutik ikustean. Gainera, Maritxuri bere eguneroko lanari, lanbidean dituen erronkei eta arlo horretan nabarmentzeko beharrezkoak diren trebetasunei buruzko galderak egiteko aukera izan zuten.

Esperientzia aberasgarria izan zen ikasleentzat, eta esker ona adierazi zuten ongietorri beroagatik eta lanbideari buruz zuzenean ikasteko aukeragatik.

Mota horretako hezkuntza-bisitek hainbat lanbideren ikuspegi praktikoa emateaz gain, ikasleei beren interesak esploratzeko eta etorkizunerako ibilbide profesional desberdinak kontuan hartzeko inspirazioa ematen diete.

Milesker Maritxu !

Apirilaren 9an asteartez eta 11an ostegunez, bosgarreneko ikasleek ASSR1 froga pasatu dute kolegioan.

Irudi edo bideo laburren bidez azaltzen ziren egoerak kontuan hartuz 20 galderei erantzun behar zituzten. 

ASSR bide sekuritateko frogagiria derrigorrezkoa da ibilgailu motorizatuz ibiltzeko baimena lortzeko, lehen mailakoa 5.ean (ASSR1) eta bigarrena 3.eko ikasleendako (ASSR2). Froga baieztatzen zaie 10/20 nota gainditzen badute azterketan.

3.eko ikasleek udaberriko bakantzen ondotik ASSR2a pasatuko dute.

Aurtengo emaitzak laster plazaratuko dira. Pasa den urtean gure ikastegian ziren ikasle guztiek lortu zuten! Txalo!

Eta kasu eman bidean...

Pasa den apirilaren 9an asteartez, MINTZA GOXO ikastaroaren bigarren parteari jarraipena eman zuten 3 orenez 5. eta 4. ikasle guztiekin.

Amaierako helburua gure ikastetxean bitartekaritza protokolo bat plantan ematea bada ere, helburu nagusia, eguneroko nerabeen arteko gatazken kudeaketarako ikasleei komunikazio tresnak ematea izan da.

Bigarren honetan beraz batez ere komunikazio arloko jardueretan oinarritu dira.

Ikasleek gogotik parte hartu dute berriz ere, ez ohiko hitz-ordu honetan eta bitartekari protokoloa funtzionamenduan ematean izanen dituzue berri gehiago!

Otsaileko oporren ondotik, proiektu berri bat hasi dute eskulanetan : Papiroflexiarekin apaindutako ispiluak.

Paperak moztu eta koloreztatu ondoren, bakoitzak bere kreatibitatea landuz, tolestu dituzte eta zirkulu batean itsatsi, ispiluak gainean jarririk.

Oso ispilu kreatiboak eta koloretsuak sortu dituzte.

Bakoitzak egindakoa etxera eraman ahal izan du eta bere familiari eskeini.

Lan politak egiteaz gain, giro bikain batean lan egitea posible izan dute.

Orain, oporren ondoren, proiektu berriarekin hasiko dira, komunetako paper barnekoa erabiliz, udaberriko more mota ezberdinak sortzen saiatuko dira.

Apirilaren 8an, astelehen goizez, hirugarren guziak Bizkarsoro filmaren ikustera joan dira. Urtean zehar kurtsoetan landutako gaiekin lotura eginez, esaterako euskararen debekua, euskal nortasunaren zapalkuntza, euskalgintzaren aurkako errepresioa eta Seaskaren sorrera berriz agertu baitira filma honetan, euskara XX. mendean jasan aldaketak, trabak eta debekuak erakusten dira garai ezberdinen bidez : 1916, 1922, 1942, 1962 eta 1982. urteak hautatuz.

Josu Martinezek zuzendutako fikziozko luzemetraia da Bizkarsoro. Bizkarsoro herria ez da existitzen eta, era berean, Euskal Herriko edozein herri izan daiteke Bizkarsoro. Bizkarsorotarrak fikziozko pertsonaiak dira eta, era berean, euskaraz bizitzeagatik jazarriak izan diren euskaldun guztiak dira Bizkarsorotarrak.
1914tik 1982ra bitartean gertatzen diren bost istoriok osatzen dute filma. Ahozko lekukotzetan eta idatzitako testuetan oinarritutako fikziozko bost istorio dira, bost hamarkadatako kontakizuna.
Argia aldizkariko Gorka Peñagarikano Goikoetxeak honela iruzkindu zuen:
Bizkarsoro herri euskalduna da, jendearen joan-etorririk eta populazioaren nahaste handirik apenas bizitu duena iraganean. Lehen Mundu Gerran frantsesen bandoan borrokatu beharko du lehenik, eta nazien inbasioa jasan gero. Finean, identitateari eta hizkuntzari uko egitera behartuta ikusiko du bere burua. Programaturik dago bere heriotza, arriskuan dago, eta ondo pentsaturik egingo zaio eraso, baina pronostiko guztien kontrara, eutsi egingo dio. Eta hiltzekotan ere, badaki, autopsiarako frogak utzita hilko dela.”

Apirilaren 4an, ostegunez, eguerdiko pausa denboran, Urruñako Gazte guneko Julen Garcia eta Eñaut Larretche kolegiora etorri dira Urruñako ikasleekin solastatzera.

Arratsaldeko 13:00tan, Urruñako 6. eta 5.eko ikasleekin bildu dira eta 13:45tan, Urruñako 4. eta 3.eko ikasleekin.

Gazte gunea nun kokatu den oroitaraziz, apirileko oporretako bi asteetan antolatu dituzten tailerrak, ateraldiak eta ekintzen berriak ukan dituzte. Saioa bukatu aitzin galderak egin dituzte xehetasun gehiago ukaiteko. Tokiak gelditzen direla oraindik jakin dute beraz ahal bezain fite inskribatzeko aukera dutela.

Eñauti esker, euskarazko aurkezpena segurtatua izan da eta eskertzen dugu, zinez.

Milesker Julen eta Eñaut aurkezpen honendako ! Ondoko aldia arte !

Xehetasun gehiago : 

Eñaut LARRETCHE 05-59-85-94-26 / 06-18-77-72-54 / Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko.

GARCIA Julen 06.59.97.67.09 / Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko.

Oporretatik landa eta urtero bezala, kolegioko familei proposatua zaie Elikadura Bankuaren aldeko bilketan parte hartzea.

Aurten, higiene produktuak (linja garbitzekoa, gorputza garbitzekoa eta hortzetako pasta) eta janaria (kafea, azukrea, bixkotxak, janari kontserbak) hiru astez bildu dira nahi eta ahal zutenen artean.

Joan den martxoaren 29an, ostiralez, Elikadura Bankuaren arduradunak kamioez etorri dira, bilketa kargatzeko eta hor ziren ikasleek lagundu dituzte. Emaitzak eskuratu ditugu : 300 kilo bilduak beraz 600 bazkariak eskainiko dira inguruan eta beharretan diren familiei !

Milesker ainitz parte hartzaileei eta bilketa errextu dutenei !!

Joan den martxoaren 28an, ostegunez, arratsaldeko 2:00etan, 3.eko ikasle guztiak elkartu dira kolegioko IDZtan Euskarabenturaren aurkezpena entzuteko Joana Erdozaintzi Etxarten hitzetan.

Quizz ttipi baten moduan egindako galderei, 3 aukeren artean erantzun egokiak azteman behar zituzten kolegioko zaharrenek.

Euskarabentura, Euskal Herri zazpi lurraldeetako 15-17 urte bitarteko 125 gazteendako expedizio bat da, uztailaren 1etik 31era, Atarratzetik Getxora, 31 etapak osatuko duena. Bakarrik 190€ gazteka eskatzen da, jakinez 3 kamisetak emanak zaizkiola, furgoneta bat badela zakuen eramateko eta dena oinez egiten dela. Herriz herri ibiliz, noiztenka topaketak, lekukotasunak, eztabaidak, mintzaldiak, gaubeilak eta aktibitateetan parte hartzeko parada dute eta euskaraz gozatzeko lehentasuna.

2007, 2008 edo 2009an sortua bazira, abentura maite baduzu, bakarrik izanez ere lagun berriak egiteko prest bazira eta euskaraz gozatu nahi baduzu.... Izena eman ezazu apirilaren 8a aitzin ! Zure bideo aurkezpen bat eta zure proiektu ttipia aurkeztuz....

Xehetasun gehiago : www.euskarabentura.eus