Piarres Larzabal Kolegioa

Seaska
Ikastolen Elkartea
Herri Urrats

Piarres Larzabal kolegioko 5. eta 3.eko 22 ikasleek Avignongo antzerki festibala hurbiletik ezagutzeko aukera izan dute uztailaren 10etik 13ra egindako ateraldian. Bigarren aldia da gure kolegioa antzerki zaletasuna hedatzea xede duen Enfants à l'honneur ekimen honen partaide dela.

Astelehenean, zortzi orduko bidai baten ondoren, Avignongo alde zaharrean kokatua den le Rocher des Domes parkean elkartu ziren, Frantzia, Tunisia, Aljeria eta Euskal Herritik joandako beste ikasleekin batera ekimenaren harrera ekitaldirako.

Asteartean, Palais des Papes jauregian antolatutako emanaldian parte hartu zuten ikasleek. Arratsaldean, Piletta Remix irrati-antzerki ikusgarri bikainaren ondotik, egile eta antzezleekin bildu ziren.

Biharramun goizean, kritika tailer batean parte hartu zuten ikasleek, obrari buruzko iritzi kritikoa idatzi eta festibalaren webgunean zintzilikatzeko helburuarekin. Ondotik, My (petit) pogo emanaldia ikusi eta berriz ere antzezleekin biltzeko aukera izan zuten. Arratsaldean, osteguneko ikusgarria prestatzeko, tailer batean aritu ziren eta arrats partea kanpalekuan pasa zuten.

Ostegunean, Elikia ikuskizunaz gozatu ondoren, bazkaldu eta Ziburuko bidea hartu zuten Avignongo oroitzapen guztiak zakuan hartuz. Zalantzarik gabe, kanpineko pizinan pasatutako orduak bidai eguzkitsu honetako atseginenen artean gordeko dituzte. Agian bi urte barrura arte !