Juul hauteskunde maskaturik !
Juul hauteskundeak ospatu dituzte kolegioan, maiatzaren 17 eta 18an. Kultur ekimenak baitezpadakoak iduritzen baitzaizkigu pandemi garai honetan ere bai ! Nafarroako ikastolek bultzatutako proiektua da, helburu sinplea du : irakurle zaletasuna. Hauek dira Euskla Herriko ikastoletan bozkatuen atera diren ipuinak edo liburuak , hala nola, bozkatuen izan diren ilustratzaileak.
6. mailan :
1- "Go!azen 3 : Maddiren amona influencerra" - Jasone osor - Alai
2- "Greg 12 : Ihesaldia" - Jeff Kiney - Alberdania
3- "Burnizko potoa" - Lur Gallastegi - Elkar
5. mailan :
1- "Beti iparralderantz" - Jon Arretxe - Erein
2- "Miñan" - Amets Arzallus - Susa
3- Eskularru beltzak" - Jasone Osoro - Elkar
Ilustratzailea :
1- Emmanuel Montiel
2- Enrique Lorenzo
3- Alai Zubimendi
Informazio gehiago : www.juulkanpaina.eus
Laster zuen herriko liburutegiak irekiko baitira, parada ezin hobeago da han diren apaletan mihatzea altxorraren bat !
Txalo bero bat Argitxu dokumentalista, Mathilde eta Armelle euskara irakasleei eta noski ikasleei haien parte hartzearendako !
Irakurketaz goza !
"Brebeta euskaraz" giza katea...
Maiatzaren 19an, asteazkenez, 12:15etan, ikasleen hizkuntza eskubideen aldeko ekimena iragan da 4 toki desberdinetan. : Larzabale, Baiona, Kanbon eta Urruñan.
Ikasleek osatutako kate erraldoia kolegiotik abiatu da, Untxin bazterrak urdinduz, Urruñako Herri elkargoaren aitzinean amaituz.
Bertan, Biriatu, Azkaine, Sara, Urruña, Hendaia eta Ziburuko auzapezak edota hautetsiak haien sustengua erakutsi digute, gure elkarretaratzean parte hartuz. Milesker.
Denak bildu eta, Iñaki Lekuona, kolegioko zuzendaria eta Xan Berasategi, historia geografia irakasleak, egoeraren berriak ozenki eman dituzte.
Zerua bezain urdina izan den mobilizazio horretan zirenak baita ere sustengatzen gaituzten guztiak eskertzen ditugu.
Segi dezagun ez baita borroka bukatua.
Brebeta euskaraz orain !
Liburu ibiltaria
Euskal Herri gaindi den liburu ibiltari erraldoia maiatzean iritsi da Ziburuko Piarres Larzabal kolegiora. Baxe nafartarrek eta xiberotarrek ere horien sormena lantzeko parada ukan zuten. Zazpi probintzietako ikastolen artean osatzen joango da liburu hori. Sopelako Ander Deuna ikastolak, ibilaldia antolatzaileak hasiera eman dio eta Lizarra ikastolak, Nafarroa Oinezeko antolatzaileak bukaera asmatuko.
Manex Erdozaintzi Etxart kolegiotik honera, hirugarreneko ikasle multzo batek du segida asmatu, texto bat eta marrazki bat ezarriz.... Kostaldetik bere abentura segitzeko, Oriokoek dute lekukoa hartu.... Ea ixtorio hori nola bukatuko den....
Milesker Herri Urrats antolatzaileei esperientzia hau proposaturik !
Txalo Maddi, Haira, Haize eta Amaiari !
Brebetako ahozko ofiziala eta B2 euskara froga 3.eko ikasleendako
Maiatzaren 12an, asteazken goizez, 6., 5. eta 4.eko ikasleak etxean zirelarik, gure kolegioko 3.eko ikasleek azterketa goiza zuten !
Alde batetik, brebetarako ahozko ofiziala pasa dute banan banan, epaimahai baten aitzinean, artista bat - obra bat - ikastaldiaren ahozkoa aurkezten hautatu zutelarik. Bost minutu zuten haien lana presentatzeko eta beste bost minuta epaimahaineko galderei erantzuteko. Froga honen emaitzak, ehunen gain dena, brebeta azterketarako kondatuko du.
Bestalde, B2 mailaren azterketako idatzizkoa eta ahozkoa pasatu dute. Bostgarren urtea da kolegioak antolatzen duela, baita ere elebidunetako 3.etan Akademaiako Ikuskaritza eta Euskararen Erakunde Publikoaren bitartez, EGA mailaren azpiko maila da B2 euskara maila. Azterketa honen bidez, euskararen gaitasuna neurtzen da : ulermena irakurriz eta entzunez, adierazpena idatziz eta mintzatuz. B2 maila lortuko dutenek EEPtik agiri bat eskuratuko dute.
Goiz osoa ongi iragan da, orain bigarren brebeta xuria prestatzen segituko dute...
Miñan...
Maiatzaren 11an, astearte goizean, Amets Arzallus kolegiora etorri da Miñan liburuaren aurkezpena egitera 4. eta 3.eko ikasleei.
Obra euskarazko kurtsoetan irakurri eta landu ondoren, ikasleek beren galderen egiteko parada izan dute eta Ametsek bere proiektua azaldu ahal izan du.
Miñan liburuak Ibrahima etorkin ginearraren ibilbidea kondatzen du. Gizon gaztea bere sorterritik abiatu zen anai ttikiaren bila, Mediterraneoa zeharkatu zuen eta azkenean Irunera iritsi zen. Ametsekin egindako elkarrizketen ondorioz liburu bat argitaratzeko ideia etorri zen.
Boga' jokoak seigarren eta bostgarreneko ikasleendako !
Maiatzaren 9an Herri Urrats ospatuko zela eta, maiatzaren 6 eta 7an, ostegun eta ostiralez, euskara kurtsoetan joko batzuk antolatu ditu Maritxuk.
Seigarren eta bostgarren bakoitzean, 20 minutuz gutti gora behera, Boga'quizz edota Boga'karaokean parte hartzeko aukera ukan dute ikasleek.... galdera desberdinei erantzun dute txandaka eta giro biziki onean hala nola :
- noiz ospatzen da Herri Urrats ?
- aurtengo kantua nork sortu du ?
- aurtengo logo zein ote da ?
- zenbat kolegio eta lizeo ote dira Seaskan ?
- Nun grabatua izan da aurtengo bideo klipa... etabar...
Ikasleek gogo onez eta biziki dinamikoki parte hartu dute eta noski, aurtengo Herri Urratseko kantuaren KDa irabazi !
Beste urrats batean, Armelle eta Mathilde euskara irakasleekin landurik, Herri Urratseko bideo muntaketan parte hartu dute 6.eko ikasleek, ikasi zuten aurtengo koregrafia grabatuz !
Txalo bero bat deneri ! Boga !!
Brebeta euskaraz bilkura
Aurten ere, gure ikasleek euskaraz pasatzeko izanen dituzten oztopoak zuekin partekatu dituzte maiatzaren 4an, arratseko 7:00etan, antolatutako bilkuran.
Gure hirugarreneko ikasleei euskaraz idatzitako brebetako zientzietako kopiak ez zaizkie zuzentzen. Horregatik, gure proiektuaren kontra doan erabaki horren aitzinean, duela zenbait urte abiatua dugun borrokarekin jarraitu behar dugu.
Mementuz, irakasleek ikasle guztiekin lanketa bat eraman dute konzertazio batean orain arteko historikoa ezagutarazteko asmoz.
Ondoko urrats gisa, gurasoak bilkuran elkartu dira hemendik goiti abiatuko diren ekimenak elkarrekin adosteko.
"Brebeta euskaraz orain ! "
Telelanean.... bi astez...
Oporrak aitzin, apirilaren 6etik 9ra eta oporren ondotik, apirilaren 26etik 30era, kolegioko ikasleak etxetik aritu izan dira telelanean irakasleek emandako lana egiten, erritmoa ez galtzeko.
Anartean, lehentasunezko familietako haurrei kolegioko informatika gela idekia izan zaie haien telelana besteak bezala segitzeko. Lehen astean hamabost batzuk izan dira, aldiz oporretatik landa berrogoi ikasle.
Geroztik, maiatzaren 3an, kolegioko ikasle guztien sartzea iragan da !
PIX froga 3.eko ikasleendako !
Martxoaren 8a eta maiatzaren 12a artean antolatu behar zen PIX azterketa, apirilaren 1 eta 2an iragan da Piarres Larzabal kolegioan hirugarreneko ikasleendako.
Ikasle batek menperatu behar dituen gaitasun numerikoen baieztatzea da azterketa honen helburua.
Bi orduz eta gelaka froga pasa dute informatika gelan, bakoitzak bere erritmoan....
Pilota desafio bat sari gisa irabazi zuten !
Apirilaren 1a, ostegunez, izugarrizko pilota desafioa iragan da gure kolegioan, bazkaltzeko pausan : Hirugarreneko Manex Etcheverry Pacheco eta Iban Larzabal gure kondularia den Gregori Agirreren aurka aritu baitira !
Manex eta Ibanen hitzetan horra zergatik desafio hori egina izan den....
"Joan den urtean, kolegioko esku huska txapelketa irabazi genuen eta saritzat ukan genuen heldu baten aurkako desafioa egitea. Gregoriren aurka jokatu beharko genuela, bi baten kontra, jakin genuen. Baina ondotik konfinamenduarengatik partida hori ez zen sekulan egiten ahal izana. Ondorioz, aurten egitea, proposatua izan zaigu, apirilaren 1ean, eta ez zen arrain bat ! Partida aski ongi iragan da, hasieran aitzinamendua hartu dugu, Gregorik du segida gainditu eta bukaeran irabazi dugu 22 - 9 ! Publikoaren sustenguarekin motibazioa senditu dugu, bikaina zen ! Eñaut, lehiaketa epaile nagusia den kirol irakasleak aholkuak eman dizkigu partida denboran gainera ! Gregori senditu dugu pixka bat enerbatua partidaren erditik landa... Biziki pozik gara sari horren ukaitea, desafioa gainditu dugu eta elkar ongi komunikatu eta jokatu dugu gainera ! Esperimentu ona izan da, Gregori eskertzen dugu ! Pilotan aritzea da gure pasioa ! Pasiorik gabe ere, espero dugu beste ikasleak gozatuko direla kolegioan antolatzen diren pilota txapelketetan parte hartzen segituz !"
Gregorik bere aldetik ere komentatu digu desafio hori nola iragan den...
"Partida biziki gogorra izan da fisikoki, baina plazerra hartu dut desafio horretan. Hastapenetik, aitzinamendua hartu dute eta gero zaila izan zait errekuperatzea. Manex eta Ibanek maila biziki ona dute eta gaitasunak pilotan segitzeko ! Milesker biei eta publikoari haien sustenguarendako ! Gora gazteak eta gora pilota !"
Biharramunean, apirilaren 2an, ostiralez, Eñaut Etxeberria, gure gorputz heziketako irakaslearen aurka ere aritu dira. Partida ederra aurkeztua izan da, eta hor ere irabazi dute gure kolegioko bi gazteek 22 - 20 !!! Txalo !!!!
Txalo bero bat Manex eta Ibani, Gregori eta Eñauti eta gure publikoa bero beroari desafio horietan parte hartzeagatik !