Piarres Larzabal Kolegioa

 

SACoche - Sésamath

EasyScol

Seaska

Ikastolen Elkartea


Herri Urrats

 

Apirilaren 25ean, Hendaian, Euskal Soziolinguistika Jardunaldiaren 15. edizioa iragan zen. Edizio honetan "Gazteak mintzo : diskurtsoak eta etorkizunerako proiekzioak" mamitzat hartu da 14 - 20 urte arteko gazteek euskararekin duten harremana ezagutu eta aztertzeko asmoz.

Hainbat aditu eta ikerlariez gain, gazteek ere parte hartu zuten solasaldi batean ; bertaratutakoen artean EEP-ko, Euskal Jaurlaritzako eta Soziolinguistika Klusterreko ordezkariak eta hainbat euskara teknikari, aholkulari, irakasle eta hezitzaile egon ziren. Horietaz gain, lehen aldiz Seaskako lau kolegioetako euskara bitartekariek jardunaldiaz gozatzeko eta haien esperientzia partekatzeko parada ukan zuten.

Eneko Gorri, Plazara Kooperatibako kideak eman zuen lehen hitzaldia Ipar Euskal Herriko testuinguru soziologikoa ezagutarazteko. Ondotik, Soziolinguistika Klusterreko Maialen Iñarra eta Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea den Miren Artetxeren txanda izan zen.

Pausa ttiki baten ondoren, Seaskako kolegioetan, Libertimenduetan, Euskarabenturan, Geruza proiektuan, Hezten elkartean eta Emun aholkularitzan euskara sustatzeko eta lantzeko egiten diren egitasmo ezberdinen bideo laburrak erakutsi ziren.

Bideo hauek ikusi ondoren parte hartzaileak talde txikietan banatuta euskararen gaineko diskurtsoetaz hausnartzeko eta eztabaidatzeko bildu ziren.

Bazkalostean, gazteen mahai-inguruaren momentua iritsi zen, Miarritze, Beasain, Tutera, eta Bidarraitik etorritako lau gazte solasean entzun ziren haien testuinguru, bizipen eta iritzi ezberdinak trukatzeko.

Jardunaldia bukatzeko, Euskal Herriko Unibertsitateko Jaime Altuna antropologoak hizkuntza ideologien inguruko hitzaldia eman zuen.

Egun biziki interesagarria eta emankorra izan zen. Bertatik indarrak hartu ondoren euskararen alde eta euskaratik lanean jarraituko dugu gure gazteak haien ibilbidean lagunduz eta haiei eraikitzen utziz.

Milesker kolegioko Euskaraz Bizi ordezkariak diren Larraitz eta Anderri, bertako berriak emateagatik !