Piarres Larzabal Kolegioa

 

SACoche - Sésamath

EasyScol

Seaska

Ikastolen Elkartea


 

San Balentin arratsean, Donibane Lohizuneko sardin erretegian, kolegioko sei eta bostgarreneko 13 ikasleek Korrikaren aldeko moda desfilean parte hartu dute.

Publiko dinamiko baten erditik pasatuz, taula gainean ziren modeloak ibili dira banan banan "BatZuk" kolekzioko kamiseta, kazketa, lepokoa edota jakak aurkezteko, korrikako kantuen gainean erritmoan sartuz. Batzuk hip hop irudi batzuk ere erakutsi dituzte.... Ondotik, AEK-ko ikasleek helduen kolekzioa aurkeztu dute.

Ondotik antolatzaileek prestatutako pintxoen inguruan, giro biziki polita eta alaia egon da.

Laster, teniza pare bat ezarri beharko dugu denok elgarrekin euskararen aldeko lasterketan parte hartzeko.

Notatu zuen burulagunean : apirilaren 2an !

 

BIDEOA : klikatu hemen

Ihauteriak hurbiltzen direla eta, otsailaren 14ean, astearte arratsalde berezi bat izan dute 6.eko ikasleek : Ihaute'ipuin kondaketa Xan Errotabehere jaunarekin, ordu bat gelaka, kolegioko IDZtan.

Itsasoko arrantzale, emagin'ta sorgin, Kuiatxo deitutako Zanpantzar, deabru, otso, Hazkume hartza, Mari, Bilintx, Tartalo, Kuxkul ardia, pika edota Margaitaren abenturak Albaolan, Donibane Lohizunen, Kanbon, Senperen, Garazin, Larrun edo pirinoetan deskubritu dituzte.

Xanen kondaketari esker, adi egonez, aho zabalik, begiak dir dir, irriñoak agertuz eta txalokatuz bidaiatu dute.

Euskaraz gozatzeko, irudimena lantzeko eta burua husteko aukera ! Milesker Xan !

Otsailaren 13tik 16a arte, kolegioko 3.ak enpresako ikastaldian dira.

Lau helburu ditu ikastaldi honek :

- ikasleei lan mundua zuzenean ezagutaraztea

- enpresaren ezaugarri nagusiak ezagutzea baita ere bere ibilmoldea aztertzea

- enpresako aktore desberdinak ezagutzea

- ahalaz, ikaslea bere geroko lanbidea hautatzen laguntzen

Ostiralean, kolegiora berriz itzuliko dira azken kurtsoak izaiteko eta ihauterietan parte hartzeko.

Oporretatik landa, martxoaren 7an, asteartez, irakasle eta ikasleen aitzinean, enpresako ikastaldiaren txostenari buruzko ahozkoa aurkeztuko dute.

Otsailaren 14ean, eguerdiko jolas garaian, Hip Hop ikastaldiko azken saioa izan dute 28 dantzariek !

Azken entsaioak berrikusi eta, kolegioko lagunekin osatutako publikoaren aitzinean emanalditxo bat eskaini diote senditu zutenek.

Musikaren erritmoa segituz, baby freeze, top rock, six step, coffe grinder bezalako irudiak aurkeztu dituzte haien koregrafian, behar zen estiloarekin eta harro !

Ikastaldi aberatsa, interesgarria eta estimatua izan da parte hartzaileengandik : "oso ondo zen, pausu berriak ikasi ditugu, maitatu dut, ongi zen, nahiz nekatuak ginen bero egiten zuelarik, bikain eta baregarria izan da...." zioten, ebaluazioa egin dugularik.

Txalo bero bat ikasle guztiei eta milesker ainitz zuri Ani !

Eskulan tailerran, bi aldiz astean, hamar bat ikasle izan gara Zanpantzar biziarazteko.

Hasi gara gorputza eraikitzen kartoin zahar eta papera berziklatuz. Dena ttiki egin eta Zanpantzarren gorputza bete dugu etxetik ekarritako "jean" eta jantzi zaharrak baliatuz. Peruka argi bat erabili dugu ileak egiteko eta begi urdinak egin dizkiogu. Hortik, Zanpantrum egiteko ideia polita etorri zaigu : bere aberastasuna agerian eman dugu diru billetaz bere txapela osatuz. Urrezko bi eraztun ere behatzetan gehituz. Bere araberako jar leku tronoa egin diogu ere. Espero dugu sua bera bezain handia agertuko dela !

Heriotz ona desiratzen diogu !

Zanpantrum taldea

Otsailaren 10ean, ostiralez, abokatua den Amaia Recarte, 4. eta 3.eko ikasleendako kolegiora ekarrarazi dugu.

Lehenik, jazarpena gaia gizartean kokatzen saiatu da, eskolako jazarpena kasu bat eman du segitzeko eta azkenik, jazarpena egoeran diren protagonistak zerrendatu ditu :

- biktima : jazartua dena

- jazartzailea : jazartzen duena

- lekukoa : ikusten duena, entzuten duena

- kuadro eskolarra

Duela gutti telebistan pasa den "Marion 13 ans pour toujours" filmatik abiatuz, jazarpena adibidea kondatu du, ikasleek asma dezaten hitz horren definizio bat : pertsona bat erregularki, etengabe nardatzea, jarrera eta hitzak desegokiak erabiliz. Ikasleek jarrera horiek zerrendatzen saiatu dira : irainak, despreziatzeko hitzak, mezuak, sare sozialak (facebook, instagram...), telefonoak (snapchat, whatsApp...), bortizkeria, jotzea, mehatsuak, izengoitiak, norbait baztertzea...

Amaia abokatuak galdetu die zein errekurtso ezagutzen dituzten laguntza eskatzeko : lagunak, kolegioko pertsona desberdinak, familia, justizia, polizia...

Egoera epaitu ondoren, zein zigorrak arriskatzen diren azaldu die : ixuna eta presondegia, zigor apalena izanez : urte bateko presondegia eta 15 000€. Adibidetzat, lizeo batean gertatu zena hartu du : biktima zen ile gorridun ikasle batek bukatu zuela 40 egunez hospitale psikiatrikoan eta jartzaileak 3 hilabete espetxea.

Lekukoen presentzia beharrezkoa eta garrantzitsua da, egoera bat ikusten delarik ez dela "salatzen" baizik eta biktima laguntzen erranez bukatu du.

Jazarpena ? Deitu 3020era.

Haurrak lanjeran ? deitu 119ra

Otsailaren 9an, ostegunez, Etxepare lizeoaren alde landatuko dugun sagarrondoarendako ziloa egin dute IEPeko ikasleek.

Pikotxa eta sardeari esker, lurra zilatu dute eta palarekin atera.

80 zentimetro zabalera eta 60 zentimetro sakonerako ziloa lortu dute.

Bere inguruan, banda txuri eta gorria ezarri diote babesteko.

Aste baten buruan, ihauteriak ospatuko ditugularik, euskararen arbola landatuko dugu....

Biba zuek !! Txalo bero bat Teo, Unai R, Unai M, Peio S, Gexan, Oier, Zuhain, Yon, Iban eta Xarles-i !!

Urtarrilatik landa, eguerdiko jolas garaietan, astelehen eta ostegunetan bereziki, baloi preso txapelketa antolatu du Olagarroa kirol elkarteak.

Eremu zehatz definitu batean baloia jaurtiz aurkako taldeko kide guziak hunkitzea da helburua.

Jokalariak jaurtitzen, pasea egiten, saihesten eta taldean estrategiak eraikitzen ahalegintzen dira.

Sei - bostgarreneko 10 talde eta lau - hirugarreneko 5 talde lehiatzen ari dira.

Kolegioko kirol gelan, elkartzen diren beste ikasleak, txaloka, sustengatzen dituzte haien lagunak.

Giro polita, xantza on zuei !!

Otsailaren 6etik 10era, aste berezia bizitzen dute IEP gelako 3.eko ikasleek... brebeta profesionala xuria pasatzen baitute...

Astelehen goizean, 3 ordu historia ukan dute eta arratsaldean bi ordu frantsesa.

Astearte goizean, 3 ordu matematika eta arratsaldean, 2 ordu zientziak.

Azken eguna dute bihar goizean, diktaketa ordu bat eta bi orduko idazlana.

Ikasleka irakurle eta idakari bat izendatuak izan dira, azterketa denboran segituak izateko.

Denek lortzea opatzen diegu ! Kuraia on !!

Aurten, 4.eko ikasleek "transmizioa" gaiaren inguruan proiektu bat eremanen dute kanpoko eragileen laguntzarekin. Joan den urtarrilaren 27an, Senpereko Larreko Kultur Zentrora joan dira, ikusgarri hau proiektuaren abiapundua izanen baita, Rouge Elea konpainiak emanik.

"Hau da nire ametsen kolorea / Ceci est la couleur de mes rêves" hildakoei eskainitako dantza bat da. Abiapuntu hori hartuta, emakume batek bizirauteko egiten du dantza. Bere oinordezkotza kulturala deitzen du bizitza ospatu eta dantzatzeko. berarentzat handiegia den jaka bat, sokak eta oihalak, arbasoetatik jasotako objetuez baliatuta irauteko dantza bat abiatzen du, instintuz egindakoa, gorputzak oroitzen dituen mugimenduez. Desagertutakoen memoria bizi dadin egindako dantza euforikoa.

Proeiktu honetan, gure arbasoek guregan utzitako arrastoak xerkatu nahi dituzte, eta ikusezinak diren trazek nola eragiten duten gure gorpuzkeran. Gordetzen al du gorputzak oinordezkotza basati bat, natura eta materiarekiko sakoneko eralzioa bat ? 

Apirila inguruan, Konpainiako Corinnen laguntzarekin, zirkoa eta dantza arloko ikusgarritxo bat sortuko dute 4Ako ikasleek. bestalde, martxoa eta ekainan, haiek idatzitako testuak antzeztuko dituzte 4B eta 4Dko ikasleek, Chimères (4B) eta Nanoua (4D) konpainiek kudeatutako dituzten tailerretan parte hartuz.