Piarres Larzabal Kolegioa

 

SACoche - Sésamath

EasyScol

Seaska

Ikastolen Elkartea


Herri Urrats

 

Otsailaren 28an, asteartez, konzertazio denboran, 4D eta 4Eko ikasleei Itsas Lizeoaren aurkezpena proposatu zaie.

Orientaziorako gogoeta goiz hasi behar denez geroz, memento egokiena zen ondo-ondoan dugun lizeo horren berri ukaiteko, eta etorkizunari begira itsas munduaz interesatuak izan daitezkeenei aukera hori eskaintzeko.

Aurkezpena bi ahoz egin da. Lehenik, Catherine Berhok lizeoaren aurkezpen orokorra egin du, power-point argi baten laguntzaz : Lizeoaren antolaketa, ikasle kopuru ttipia, formakuntza mota guzien aurkezpena eta horiendako eskaintzen den puntazko material osoa… Eta bistan dena, formakuntzari esker irekitzen diren lanbide guziak, izan daitezen arrantzan, komertzioan, edozein motako itsasontzietan, lehorreko lan batean edota mekanikan.

Gero Joseba Davantek bere lekukotasuna euskaraz eman du. 30 bat urtez mariñel egon ondotik, orain Itsas lizeoan da irakasle eta ibilbide hori kondatu digu. Azaldu du itsas mundua zein zabala den eta nola gustu guziendako ofizioak aurkitzen ahal diren, nahiz ongi azpimarratu duen ofizio horietarik batzuk besteak baino zailagoak direla (arrantzalearena adibidez, eder bezain gogorra).

Lizeoak hainbat ikasbide proposatzen ditu, laburrenetatik luzeenetara, egun bakar bateko ikastaroetatik pasatuz. Gure kolegioarekin partaidetzan, bisitak edo ikastaroak antolatzen ahalko dira 4. eta 3. mailen artean, interesatuak diren guziendako, mutil ala neska.

Martxoko nahiera egunez, lizeoaren bisita egiteko aukera ukango dute.

Bitartean, edozein xehetasunendako: http://lycee-maritime-ciboure.fr/

Milesker Catherine eta Josebari baita ere Lizeoko zuzendari jaunari etortzeagatik !!

Otsailaren 25ean, larunbatez, 3. eta 4.eko ikasleekin Ski ateraldia burutu zuen kolegioko Olagarroa kirol elkarteak, Gouretten.

Goiz esnatu behar izan zuten denek, baina egunak merezi izan zuen, argitu ahala ikusi zuten egun bikaina zutela aurretik.

Goizeko 6:00tan abiatuz, 9:00ak aldera mendi txurietara iritsi ziren. Bertan taldeetan ezarri, materiala hartu eta pistetara! Eguerditan pausa bat egin zuten elgarrekin piknikatzeko eta berriz pistetara, arratsaldeko 15:30ak arte gutti gora behera. Arratseko 7:30ak inguru, etxeetara sartu ziren.

Eguraldia lagun eta elurra goxo izanik, gozatu ederra hartu zuten parte hartzaile guztiek : 51 ikasle eta 6 heldu, haien mailaren arabera, talde ttipitan banaturik.

Gozatu ederra hartu zuten!!

Mila esker ateraldian parte hartu duten ikasle guztiei eta nola ez, ateraldia egin dadin laguntza eman duten langile eta laguntzaile guztiei !

Aupa Piarres Larzabal kolegioko skiatzaileak !

Otsailaren 24an, ostiral arratsaldez, Baionako L'Atalante zineman Estitxu Robles kolegioak antolatu arratsalde berezian Seaskako kolegio batzuetan eta Lizeoan eginiko zinema proiektuak ikusi ahal izan genituen. 

Estitxu Robles kolegioak bikoiztutako "Kurrin" (Knor) filmaren aurkezpenaren  karietara,  beste 4 laburmetrai proiektatu ziren: lehenik, gure kolegioan (PLK) ikasturte honetan Irungo Oiasso museoak antolatzen duen  FICAB zinema arkeologikoaren jaialdian aurkeztu genuen "Oroit harri" laburmetraia ikusteko aukera izan genuen; ondotik, MEEKeko kolegioan egindako "Ainarak" laburmetraia; eta azkenik, Lizeoko sail profesionaleko ikasleek egindako bi laburmetrai: "Ezkeip Geim" eta "Azken emanaldia".
Hauen ondoren, Estitxukoen txanda iritsi zen. Proiektuan parte hartutako heldu eta ikasleek hitza hartu zuten bikoizketaren nondik-norakoak azaltzeko eta haien esperientzia partekatzeko.
Filma biziki politak eta kalitatezkoak  ikusi genituen. Zorionak deneri !
Otsailaren 22an, Donibane Lohizuneko Saint-Thomas lizeoan izandako gertakari tragikoak guztiz hunkitu du Piarres Larzabal kolegioko hezkuntza komunitate osoa.
Hezkuntza Ministeritzaren aldetik ikastegiei eskatua izan zaien isiltasun minutu sinboliko horretaz haratago, nahiago izan dugu ikasle guztiak lehen orduan hartu oinarrizko hainbat elementu aipatzeko, baina baita haien kezkak eta gogoetak entzuteko ere.
Drama horrengatik hautsiak izan diren bi familiei eskaini beharreko begirunea azpimarratu nahi izan dugu.
Azpimarratzekoa da gure ikasleek goiz honetan adierazi duten jarrera bikaina, bai talde handian hartuan izan direnean, baita geletan izan diren solasaldietan, jujamenduak bazterrean utziz ulermen gaitasuna eta enpatia erakutsi baitute lehen momentutik.
Bestalde, mezu bat igorria izan dela Saint-Thomasko lizeoko hezkuntza komunitateari gure doluminak partekatzeko.
Milesker zuei egiten diguzuen konfiantzarengatik.

Otsailaren 22ko goizean, Odon Noblia idazlearen eta 3.eko ikasleen arteko topaketa izan zen kolegioan. Euskarako kurtsoetan landutako liburua, "Ikastola nire saloinean", Argitxu Noblia idazlearen beraren eskutik aurkeztua izan da IDZtan eta ikasleek idazleari hainbat galdera pausatu dizkiote obraz, bere lanbideaz zein Argitxuri buruz ere besteak beste.

Fikzioz jantzitrik baina egiazko gertakariak azaltzen dituen narrazio honek, Argitxu Nobliaren bizia kontatzen du, lehen ikastola sortu zuen emaztearen ibilbidea. Odon Nobliak erakutsi nahi izan du zein handia izan den bere amak sortu duen mugimendua.

Ikastola Argitxuk hasi zuen arren, laster beste buraso ugari lotu ziren proiektu honi, helburu nagusia beren haurrei euskara irakastea izanik. Borroka batzuk eraman ondoren, Seaska handitu da eta ama ikastolak eta lehen mailako gelak emendatu dira. 

Odon Noblia pozten da kolegioak egindako gomitaz eta ikasleei liburu hori irakurtzeko aukera emateaz, gaur egungo Seaska nondik hasi zen jakin dezaten eta haientzat hain normala den egoera hori, euskaraz ikasi ahal izatea alegia, balora dezaten. 

Milesker Odon, Argitxu eta Vanessari !

Oporrak aitzin egindako enpresaren behaketa ondotik, hirugarreneko ikasleek haien txostena aurkeztu dute banan banan otsailaren 21ean, asteartez, azken bi orduetan, kolegioko bi irakasle / hezitzaile eta ber ikasgelan ziren maila desberdinetako ikasleen aitzinean.

Ikasle bakoitzak bere ikastaroa eta lanbide bat aurkezteko gai izan behar zuen, hainbat irizpide kondutan hartuz : gorputzaren adierazpen egokia, ahozko adierazpen egokia, adieratzitakoaren koeherentzia eta kohesioa, hizkuntza zehatzaren erabilpena, hizkuntza xuxenaren erabiltzea (gramatika, ahozkera...) etabar..

Hirugarreneko ikasleak 14 taldetan banatuak izan dira eta irakasle "epaile" bakoitzak bostpasei ikasle zituen.

Orokorki, ikasleek txosten sakonduak aurkeztu dituzte eta lanbide baten aurkezteko publiko eta epaile baten aitzinean gai izan dira.

Eskuratu dituzten hobetze aholkuekin batera, ikastaldiaren txostena aurkezten ahalko dute brebetarako ahozko gisa.

Oporrak aitzin, urtarrilaren 31tik otsailaren 3ra, kolegioko hirugarreneko ikasleak enpresako ikastaldian egon dira. Lanbide desberdinetan parte hartu dute, hala nola : haurzaindegian, irakaskuntzan, albaitaritzan, farmazian, laborantzan, mediatekan, auto garajean, Herriko Etxean,  pediatrian eta hainbeste....

Honen helburuak dira : 

- ikasleei lan mundua "zuzenean" ezagutaratzea

- enpresaren ezaugarri nagusiak ezagutzea, baita ere ibilmoldea aztertzea

- enpresako aktore desberdinak ezagutzea

- ahalaz, ikaslea bere geroko lanbidea hautatzen laguntzea

Ikastaro honen ondotik, ikasle bakoitzak txosten bat bete beharko du eta otsailaren 21ean iraganen den ahozko batean aurkeztu beharko. Bertan diren irakasleen oharrak eta ahokuak ukango ditu, sekulan maiatza bukaeran iraganen den brebetako ahozkoan aurkeztu nahi baud.

Esker beroenak gure ikasleen harrera egin duten enpresa guztiei !

Urtero bezala, garai honetan, hirugarreneko ikasleei antolatua izan zaie brebeta xuria bat kolegioan bertan.

Urtarrilaren 27an, ostiralez, goizean pasa dute 4 orduko frantsesa froga : testu ulermena, berridazketa, diktaketa eta idazlana, eta arratsaldean, Historioa - Geografia - Herritar heziketa froga bi orduz.

Asteburua ondotik, astelehenez, urtarrilaren 30ean, matematiken froga bi orduz eta ordu bateko zientzi froga. Arratsaldean, euskara B2 froga xuria ordu batez saiatu dira.

Azterketaren egiazko baldintzak bizi izan dituzte ikasleek, IEP gelakoak baita ere denbora herena dutenek.....

Biharramunetik ostiralera, hirugarreneko ikasle guztiak enpresa ikastaroan dira : oporretatik landa, enpresa ikastaroko ahozko bat aurkeztu beharko dute.

Joan den urtarrilaren 24an, astearte arratsaldez, Luhusoko Harri Xuri antzokian zuten hitzordua kolegioko bostgarrenek, Elirale konpainiak proposatzen duen "Fuga !" emanaldia deskubritzeko....

Gorputzen lotura erakusten duen pieza koreografikoa da Fuga! non jauzi sistemari berriz irudimena ideki nahi zaion. Nola gorputz batek beste gorputz bat aitzurtzen eta zulatzen duen sistema hau dekalatuz? Ritmoekin jolastuz nola gorputzen trinkotasunak erdigune nozio hori mugimenduan jar daitekeen? Hiru gorputz dependente horiek puntuazio-denbora erkideak konposatzen dituzte Artha, 2018ko Eliraleren sorkuntzan bilatzen zen «uhinaren» sentsazioa azpimarratuz. Sorkuntza honetarako, Cyril Geeroms eta Yutaka Takei dantzari garaikide ditu lankide Pantxika Telleriak eta dantzari horiek onartu dute koregrafoaren jestualaren berezitasunaren partikatzea. Bi dantzari horiek Elirale konpainiaren zutabeak izan dira 2001etik 2009ra. Arthatik-at! izenburuko ikerketa artistikoaren ibilbidearen bigarren pieza da Fuga!.

Euskal Herriko hirigune elkargoaren laguntza eta Elirale konpainiako artistak eskertzen ditugu !

Urtero bezala, urtarrilan zehar, inguruan ditugun lehen mailetako ikasle berrien bisitak antolatuak izan dira : Urruña, Donibane Lohizune, Ziburu, Hendaia, Senpere eta Azkaineko ikastoletako 5. urtekoak errezibitu ditugu. :

Urtarrilaren 13an : Ziburu eta Donibaneko lehen mailakoen bisitak

Urtarrilaren 17an : Urruñako lehen mailakoen bisita

Urtarrilaren 23an : Hendaiako lehen mailakoen bisita + Sarako lehen mailakoen bisita

Urtarrilaren 24a : Bidarteko lehen mailakoen bisita.

Laster Azkaine eta Senperekoak ukango ditugu....

Lehenik, kolegioa aurkezteko filma bat begiratu dute. Ondotik, Hezkuntza Aholkularia den Elena Dufaurekin batera, laborategiak, jantegia, kirol gela, eta bulego desberdinetatik pasatuz, kolegioko bisita egin dute.

Azkenik, eskainia izan zaien liburuxka ttipi bati esker, haien galderak eta kezkei erantzun die.

Urtarrilaren 24an, astearte gauez, burasoei ere proposatua izan zitzaien kolegioko bisita eta bilkuran parte hartzea.

Ikasturte hori ongi bukatzea eta motibaturik etortzea opatzen diegu !