Piarres Larzabal Kolegioa

 

SACoche - Sésamath

EasyScol

Seaska

Ikastolen Elkartea


Herri Urrats

 

Seigarreneko ikasleek ADOENIA zerbitzuaren ezagutza egiteko parada ukan dute urrian zehar.

Talde ttipi bakoitzak ordu bateko saio bat ukan du, aldioro bi hezitzaileekin eta bi gaien inguruan : Errespetua eta bortizkeria.

Hezitzaileekin pundua egiterakoan, ikasleen parte hartze dinamikoa eta izan duten trukaketaren kalitatea azpimarratua izan da. Ikasleek haien bizipenak eta kezkak azaldu dituzte.

Egunerotasunean bizitzen dituzten egoera bortitzak aipatu dituzte ; ukan dituzten aholkuak erabiltzeko aukera izango dute orain, egoera horiek ahal bezain ongi gainditzeko helburuarekin.

Edozoin arazoa gertatzen delarik, kolegioan ikasleengandik hurbil - hurbil ari diren profesionalak oroitaraziak izan zaizkie ere bai : zurkaitza, irakasle arduraduna, hezitzaileak, Solasgunea eta beste...

Kolegioan, Adoenia bezalako egiturei harrera egitea garrantzitsua da eta urtean zehar, beste saio baten antolatzea saiatuko dira.

"Adoenia, nerabeen etxea" zerbitzua aurkeztua izan zaie : gazteak eta familiak laguntzeko helburua duen egitura, Hendaia - Donibane Lohizune, Kanbo, Baiona eta hainbat herritan permanentziak dituena.

Xehetasun gehiago : www.adoenia.fr / Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko. / 05 59 64 22 52.

Milesker Adoenia egituraren ekipa guziari !

Aurten ere, hirugarreneko ikasleek sexualitateari buruzko prebentzio tailerra ukan dute Baionako ospitaleko "Centre de Planification" taldearen eskutik, urrian zehar.

Sei egun erdiz, talde erdika, iragan diren tailer horiei esker, gazteek informazioa lortzeko parada ukan dute, baita ere gai horri buruz dituzten galdera guztiak pausatzeko.

Talde honen profesionalen erranetan, gogotsu parte hartu dute ikasleek ; galderak pausatu eta solasaldi interesgarriak ukan dituzte. Besteak beste eritasunak, kontrazepzioa, babestea, errespetua, homosexualitatea eta bisexualitatea bezalako gaiak izan dituzte hizpide.

Urtero bezala, "Centre de Planification"-ek eskainitako preserbatiboak bizi eskolarran eskuragarriak dira.

Esperientzia errepikatzekoa da. Tailer hauek bestalde osatzen dute biologia ikasgaian ikustekoak diren gaiak.

Urriaren 7an, ostiralez, udazkeneko eguzkiarekin batera, kolegioko seigarrenak Sarako “Ikusi Mikusi” haur eta gazteendako liburu azokara joan dira. Sarako karrikak liburuz apainduak ziren eta gure ikasleak haien artean pasa dira giroan murgiltzeko… Xoko desberdinetan, Baionako Etxepare Lizeoko pro sailako ikasleek digute harrera eman eta gidatu.

"Gu eta gure xaharrak " gaia segituz, gela bakoitzak aitzinetik obra kolektibo bat sortu zuen bertan ikasleek haien inguruko xahar baten argazkia agertaraziz eta gai honekin lotzen zituzten hitzak kolatuz: maitasuna, janari ona, opariak, trasmisioa, ibilaldiak...  

Talde handia bitan banaturik, batek topaketa egin du Yolanda Arrieta idazlearekin, aitzinetik gelan prestatutako galderak eginez, Orioko ikastolarekin batera. Ta besteak "Gure xaharrak" antzerkia ikusten egon dira.

Pilota plazan bazkaldu eta, talde bat joan da Amets Arzallusengana, bertan Kanaldudek grabatzen zuen elkarrizketa batean parte hartu dute, gelan prestatutako galderak erranez, beste eskoletako haurrekin batera..

Bi taldeek azokatren bisita egiteko aukera ukan dute eta haien oroitzapena erosteko parada eskainia izan zaitzien 15€ko bonoari esker…. 

Ahantezinezko irakurketaren inguruko jolas eguna bikaina ! Txalo bat antolatzaile guztiei eta milesker !

Urtero bezala, kolegioko ekipa pedagogikoak urte hastapeneko egonaldi bat proposatu du kolegioko 86 seigarreneko ikasleei. Irailaren 28tik 30era, Orioko Txurruka aterpean egon dira euskarazko giro batean murgildurik, elkar hobeki ezagutzeko helburua hartuz, ikastola desberdinetatik heldu baitira (Donibane Lohizune, Azkaine, Bidarte, Hendaia, Urruña...).

Irailaren 28an, asteazkenez, txirrina jotzean, maletak elkartuz, deia egin ondoren, seigarreneko ikasleek Zestoako bidea hartu dute. Bertan, Ekainberri leizeetara hurbilduz, tailer-gelara sartu dira batzuk, garai hartako margolaritza edota sua nola egiten den ikasteko, ondotik ehiztari ttipiak bilakatuz, arkuaren erabilpena eta lantza botatzearen ariketa eginez. Azkenik, leizeetako arroketan agertzen diren margoak, bereziki zaldiak, hurbiletik aztertu dituzte. Taldearen beste parteak,  Zestoako herria bisitatzeko aukera ukan du bertako polikiroldegian jolastuz eta bazkalduz. Ondotik aktibitatea trukatu duteArratsaldeko 3tan, Orioko Txurruka aterpera sartu eta logelaka instalatu dira haien lagun berriekin, kirol eremu zabalean jokoetan aritu edota lehen gaubeila prestatuz.

Biharamunean, irailaren 29an, ostegunez, Oriotik Zarautzera oinez joan behar ziren "Zarauz'express" joko pista egitera baina eguraldia euritsua izanez, aterpean egon dira 7 tailer antolatuz eta ikasleek 3 “nahieran” hautatuz : mahai jokoak, arte lanak (orri markak), eskuetan zuten liburuxka betez, ping pong eta pilota lehiaketak, euskal dantza iniziazioa….etabar…

Elgarrekin bazkaldu eta, teniza pare on bat ezarri dute Orioko hirira oinez joan dira. Portuaren bazterrean, kultur ibilaldi bat egin dute eta bertako monumentuak eta pertsona famatuen ezagutzeko : Jorge Oteiza, Benito Lertxundi, Endaia etxea, Orioko arraun klubaren logoa... Ondotik aterpera itzuli dira denbora librean jolastatzeko, dutxa hartzeko, gaubeila prestatzeko eta afaltzeko.

Azken egunean, irailaren 30ean, ostiralez, materiala bildu eta, Donostiara joan dira Tabakalera Kultur Zentroa bisitatzeko eta Christina Enea parkean piknikatzeko, bertan landare eta animaleak aztertu dituzte bi taldetan banaturik.

Egonaldi guztian, oroitzapen liburuxka bat betetzen aritu izan dira. Arratsaldeko 4ak alde, kolegiora iritsi dira. 

Bukatzeko, gure ikasleek ikasturte hastapen honetan, harreman biziki azkarrak lortu dituztela egonaldi honi esker ondoriozta dezakegu, motibagarriak ziren aktibitate eta amorratuak ziren animatzaile guziei esker. Esker bereziak ematen dizkiogu Martta, gure erizain laguntzaile gisakoari !!

Irailan hasi baldin bada kolegioa, eguerdiko aktibitateak ere hasi dira !

Egunero, jan aitzin eta ondotik, aktibitateetan parte hartzeko aukera proposatua zaie :

- Astelehen eta ostegunetan Iolandarekin esku lanak egiten dituzte : Covid garaian hasitako artilezko obra segitzen ari dira, omiasainduko oporretako bukatu nahian ; ber garaian, euskara gaiari lotutako kuadro tindaketa bat aitzinatzeko aukera hartu dute seigarreneko ikasleek

- Astearte eta ostiraletan Maritxurekin mahai jokoetan aritzeko parada dute : Monopoly, Sudoku, Gizotxo, Uno, Mus kartak, Nor da nor ?, Ximinoen arbola, itsas borroka, Lakoin begia, Ber 4... eta besteak

Tailer horietan nahi duten ikasleek parte hartzen dute eta giro euskaldun batean beste lagunak ezagutzeko parada dute !

Tailer arrakastatsuak dira eta umore onean elgarrekin jolasten eta euskaraz bizitzen dira ikasleak ! Txalo !

Irailaren 20an, asteartez, arratseko 7etan, burasoen bilkurara etortzeko komita ukan dute kolegioko familiek.

Lehen parte batean, harrera hitza kanpoko eremuan emana izan da zuzendaria den Iñaki Lecuonarengandik. Aurten ere bai, euskararen alde borrokatu beharko garela ere bai, gure haurrek haien azterketak euskaraz pasa ditzaten azpimarratu du.

Ondotik, familiak geletara joan dira haien haurraren irakasle arduradunarekin batera aurtengo ikasturteko helburuak eta ibilmoldea ulertzeko, baita ere buraso arduradunen hautaketa egiteko.

Etorri diren familiei milesker.

Irailaren 12 eta 13an, seigarreneko ikasleak Ziburuko inguruak aztertzeko, lehenik Ziburuko oihantxora igo dira eta bertan landare bilduma bat eraikitzeko 8 hosto bildu dituzte bakoitzak : huntza, iratze arrunta, akazia, gaztainondoa, lizarra, haritza eta hirusta.

Geroxeago, kostaldera abiatu dira, han marea behera baliatuz, arroketan bizi diren animalia ezberdinak bildu dituzte hala nola karramarro ermitarioa, izkira, itsas luzokerra...

Goiza bukatzeko, elgarrekin piknikatu dute arratsaldeko kurtsoak aitzin !

Ikasturte berri hau indarberriturik abiatzen dugu, euskaraz ikasten duten ikasleek azterketak euskaraz pasatzeko eskubidea azkenean lortuko dutelakoaren itxaropenarekin.

Azken urteetan eta bereziki jaz, borroka azkartuz eta antolatuz, gure aldarrikapena euskal jendartearena dela frogatu dugu: gaur egun Euskal Herriaren gehiengo batek argi du frantses gobernuak bere hizkuntz politika diskriminatzailea aldatu behar duela, euskaraz ikasten duten ikasleen azterketak euskaraz antolatuz eta zuzenduz.

Irailaren 14ean, frantses Hezkunde Nazionaleko ministro berriaren kabinetearekin iraganen den bilkurak aterabideak eraginen dituela espero dugu. Ezin dugu besterik pentsatu.

Ez balitz hala, gure aldarrikapena lortu arte borrokatzen segituko dugu, tinko eta gogotsu.

Anartean gu prest gaude !

Irailaren 2an, ostiralez, txirrina jo duelarik, 332 ikasleak kanpoko eremuan ziren.

Alde batetik, seigarreneko ikasleak haien kurtsoetara joan dira.

Bestalde, besteek, bost, lau eta hirugarrenek haien sartzea egin dute.

Zuzendaria den Iñaki Lecuonaren hitzaren ondotik, irakasle arduradunek haien ikasleak deitu dituzte. 

Bi orduz, harekin egon dira aurtengo plangintza ulertzeko. Beste orduetan, lanean berehala hasi dira.

Giro onean eta eguzkipean iragan dira jolas garaiak !

Kolegioa betea da ! Sartze on deneri ! 

Irailaren 1ean, ostegunarekin, seigarreneko ikasleen sartzea iragan da gure kolegioan !!!

Kolegioko zuzendaria den Iñaki Lecuonaren harreraren ondotik, irakasle arduradunek gelako ikasleak izendatu dituzte eta haiekin ikusi ordutegia, zein irakasleak ukango dituzten, barne araudia ezagutu, kolegioa bisitatu, kutxen gunea deskubritu etabar...

Anartean, burasoei kafetxo bat eskainia izan zaie, haien arteko solasak trukatzeko eta barneko kezkak desagertzeko....

Goizeko 11:00ak alde, kanpoko eremuan denak elkartu dira, talde ttipika aritzeko olinpiada ttipetan : kapeluaren jokoa, lekuko lasterketa, arto bilketa eta patata zaku lasterketa. Giro izigarri onean iragan da soka tira erraldoiarekin bukatuz.

Eguerdiko jolas garaian, kolegioko jantegiko sistema ezagutu dute eta lehen bazkaria partekatu.

Arratsaldean, hiru ordu kurtso ukan dituzte.

Azpimarratu behar den aurtengo berezitasuna : aterpea handia eraikia izan zaigu uda honetan. Milesker !

Sarrera on opatzen dugu kolegioko 86 ikasleei !!