Piarres Larzabal Kolegioa

 

SACoche - Sésamath

EasyScol

Seaska

Ikastolen Elkartea


Herri Urrats

 

Aurten ere, 3.eko ikasleek sexualitateari buruzko prebentzio tailerra ukan dute ARSA elkartearen eskutik.

Hiru ostegunez iragan diren tailer horiei esker, gazteek informazioa lortzeko parada ukan dute. Baita ere gai horri buruz dituzten galdera guztiak pausatzeko.

ARSAko hezitzaileen erranetan, gogotsu parte hartu dute ikasleek. Nahiz batzuk hasiera batean erabe agertu, galderak pausatu eta solasaldi interesgarriak ukan dituzte. Besteak beste eritasunak, kontrazepzioa, babestea, errespetua, homosexualitatea eta bisexualitatea bezalako gaiak izan dituzte hizpide. Informazio liburuxka banatuak izan dira ere.

Esperientzia errepikatzekoa da. Tailer hauek bestalde osatzen dute biologia ikasgaian ikustekoak diren gaiak.

Azarotik abendura, 4.eko ikasleekin antzerkia landuko dute.

PAC proiektuaren barne, Zaldi Urdina antzerkiaren inguruko lanketa hasten dute 4a gelarekin, azarotik goiti.

Anartean, urriaren 3an, ostegunez, Luhusoko gelan iraganen den antzerkiaren azkenetariko errepika baten ikusteko aukera izan dute 4Akoek, Xalbador kolegioko bi 3.eko klaseekin batera, zinezko aurkezpen publikoa itsoin arte, abenduan iraganen dena.

Saioaren bukaeran, aktoreekin elkarrizketa ttipi baten egiteko aukera ukan dute.

Antzerkiaren bidez hainbat gai ezberdin landuko dituzte, hala nola, familiarena.

Tailer ezberdin batzuetan, idatzia (antzerkiarena) zein taularatzea landuko dituzte.

Zaldi Urdina, Artedrama, Dejabu, Axut-en aurkezpena ikusteko, hemen klikatu.

Irailaren 26an, ostegunez, 4B-ko ikasleak Bidaxuneko Abian antzerki festibalera joan dira arratsean. Han, Jour de fête konpainiarekin Projet Laramie ikusi dute.

Estudio egin eta krakada hartu ondoren, autobusan igo dira eta 7etan, ikusgarria hasi da.

Biziki emanaldi unkigarria izan da. Momentu bikaina pasa dute.

Ondotik, urriaren 3an, Ludo Estebesteguy, konpainiaren zuzendaria, kolegiora etorri da ikasleak ezagutzera, antzerki tailerrak animatuko dituelako haiekin, ekainan zehar.

Irailaren 22an, igandez, hitzordua zen kolegioan ere bai, kolegioko 20. urtemuga ospatzeko.

Goizean, burasoak aritu dira dena muntatzen ahal bezain egun atsegina denok pasatzeko gisan.

Eta nola ! Aperitifa denboran, jendea hurbildu da Kuxkuxtu txarangak alaitzen zuen bitartean....

Ondotik, denak aterpearen azpian bildu dira bazkari on baten inguruan.

Jan aitzin, Odei Barroso ikasle ohia eta Xumai Murua bertsolariek publikoa irriarazi dute jatorrizko bertso batzuk emanez.

Bazkari denboran, Kuxkuxtu txarangak eskaini dituen kantuei esker, aterpea girotu da kantuz kantu.

Eguna bukatzeko, ezker paretan zen hitzordua, kalitatezko kantalditxo batendako, Bost Axola taldearekin (3 ikasle ohiak barne).

Egunean zehar, haurrak jolastu dira pozik, kolegioak beste itxura bat hartu baitzuen. Zinez egun polita, eta oroitzapenez beterik !

Txalo bero bat buraso antolatzaileei eta milesker etorri diren atzo eta gaurko buraso, ikasle eta lankide guztiei !!

Irailaren 17an, asteartez, burasoendako sartze bilkura iragan da arratsean.

Lehendakariak harrera hitza egin du burasoei, urte honetako data nagusiak emanez, haien laguntza beharrezkoa dela azpimarratuz.

Ondotik, Zuzendariak du segida hartu gaualdia nola iraganen den esplikatuz eta hartua den euskara eta Seaskaren hautua azalduz.

Mailaka, burasoak banatu dira geletan ; Han bertan, irakasle arduradunek ongi etorria egin diete eta aurkeztu aurtengo programazioa, proiektuak, antolaketak...

Bilkurak buraso arduradunen izendatzeekin amaitu dira.

Irailaren 16 eta 17an, 6.eko ikasleak Ziburu - Zokoako inguruak aztertzera joan dira, 6A - 6Ekoak astelehenez eta 6B - 6Dkoak biharramunean.

Lehen parte batean,Ziburuko oihantxora igo dira, bertan landare bilduma eraikitzeko 12 hosto bildu dituzte bakoitzak : Lizarra, akatzia, huntza, iratze arrunta, orein mihia eta beste.....

Geroxeago kostaldera jautsi dira, han marea behera baliatuz, arroketan bizi diren animalia ezberdinak bildu dituzte : karramarroa, anemona, itsas luzoker eta beste...

Ikasleak ohartu dira bizidunak inguruko ezaugarri fisikoei lotutako bizi baldintzak zituztela.

Goiza bukatzeko, denak elkarrekin jan dute eta jostetan aritu hondartzan eta Untxin parkean, kolegiora sartu aitzin !

Lehen asteko sartzearen angustia ahanzteko parada ukan dute kolegioko ikasleek !!

Eguerdiro, animazio gelan biltzen dira nahi dutenek, mahai jokoen inguruan irri egiteko eta lagun berriak egiteko....

Uno, Mikado, ximinoen jokoa, gizotso, Jungle speed, damak, Mots mêlés, antzara jokoa, Monopoly, 1000 bornak, mus.... eta beste ainitz !

Pausa denboran, momentu lasaia iragaiteko parada gehien batendako eta bereziki seigarren berriendako !

Jostatuz eta lagun berriak eginez !

Irailaren 3an, asteartez, 5., 4. eta 3.eko ikasleen sartze eguna zen.

Txirrina jo bezain laster, ikasleak gelaka deituak izan dira haien irakasle arduraduna berriarengandik, gelara upatzeko. Bi orduz harekin egonez, haien ordutegi berria eta irakasleen izenak ezagutu dituzte, barne araudia oroitarazia izan zaie ere bai..... Hirugarren ordutik landa, kurtsoetara joan dira. Hona hemen irakasle arduradunen izenak : 5An Xan, 5Bn Sabina, 5Dn Nicole, 5En Aaron eta Emilie, 4An Amaia, 4Bn Oihana, 4Dn Xumai, 3An Daniel, 3Bn Iñaki eta 3Dn Joana.

Anartean, seigarreneko ikasleek egun osoko kurtsoak ukan dituzte, erritmoa hartuz....

Jolas garaietan, lagunak berriz elkartu dira eta seigarrenengana hurbildu dira haiekin joalsteko eta mintzatzeko !

Orokorki, 321 ikasle ditugu aurten : seigarreneko 4 gela (96 ikasle), bostgarreneko 4 gela (93 ikasle), laugarreneko 3 gela (64 ikasle) eta hirugarreneko 3 gela (68 ikasle) !

Sartze on deneri !

Irailaren 2an, astelehenez, Hendaia, Urruña, Donibane Lohizune, Azkaine, Senpere eta Sarako ikastolatik heldu diren 96 ikasleeh haien seigarreneko sartzea egin dute !

Goizeko txirrina ondotik, Zuzendariak harrera hitza eman du eta euskararen tokiaren garrantzia gure ikastegian. Ondotik, irakasle arduradun bakoitzak ikasleak deitu ditu, goizeko elgarrekin pasatzen baitzuten : 6An Mathilde, 6Bn Eider, 6Dn Armelle eta 6En Eneko. Lau orduz egon dira haien ordutegia, ikastegiko gelak, barne araudia eta irakasleen izenak deskubritzen...

Jolas garaietan, lagun berriak ezagutzeko aukera izan dute, pilotan, saski baloian, futbolean edo aulkietan kalakan arituz...

Eguerditan, jantegiko karta erabili dute elgarrekin bazkaltzeko : gaur lasañak gainera !

Arratsaldeko 1:45etan, lehen kurtsoetan parte hartu dute eta 4:30tan bukatu. Kutxatik pasa ondoren, otobuseko karta erabili dute garraiatzeko haien etxeraino, eztreza guttiagorekin.

Hau eguna ! Sartze on deneri ! Kuraia on seigarren guztiei !!

Aurten ere, uztailaren 8tik 12ra, kolegioko ikasleak joan dira Avignonera, "Scène d'enfance et d'ailleurs 2019" elkarteak antolatutako antzerki festibalera.

Nahiz eta bero handia izan den, ikasleak suharki adi egon dira egonaldi guzian.

La vrille du chat, Blanche-Neige et ses princes eta Une vie de papier antzezlanak ikusteko parada ukan dute eta gainera, artista batzuekin eta taula zuzendariarekin topatzeko ohorea.

Hirugarrenean den Eneko Baudin enbaxadorearen zerbitzua azpimarratzekoa da, berari esker kolegioko koloreak eramank izan dira ohore gortera, antzerkilarien izen handienen artean.

Hego Lapurdiko Hirigunearen parte hartzea eskertzekoa da ere bai, ikasle kopuru eder bat eramana izan baita haien laguntzari esker. Hirugarren aldia da horrelako bidai kulturala antolatzen dela gure kolegioan.

Oroitzapen izugarriak atxikiko ditugu !